Espainiako polarizazio politikoari eta sozialari buruzko gogoetak eta proposamenak

Jende talde batek, San Ignazioren espiritualtasunak eta justizia eta bizikidetzari buruzko kezkak elkartuta, Cristianisme i Justícia-ren (CJ) eta Comunidad de Vida Cristiana-ren  (CVX) deiari erantzunez, bilerak egin ditugu azken hilabeteotan Espainiako politikan eta, hedaduraz, gizartean bizi den muturreko polarizazio-egoerari buruz ditugun uste eta iritziei buruz hitz egiteko. Herritar eta sinestun gisa, mingarria eta kezkagarria egiten zaigu errealitate hori.

Taldekideak askotariko jatorri, ibilbide eta kidetzetako gizon-emakumeak gara. Aberastasun horretatik abiatuta, hainbat saio eskaini dizkiogu entzute abegitsuari, konfiantzako espazio batean, polarizazioak sortzen dizkigun emozioen berri eta gizarte-haustura hori larritu denean sortu zaizkigun iritzien berri eman ahal izateko elkarri.

Fede beretik hurbildu arren, ez dugu iritzi bera hitz egindakoari guztiari eta hemen jasotakoari buruz. Dokumentu honek ez du taldearen jarrera homogeneo bat islatzen; aitzitik, saioetan intentsitate handiagoarekin agertu diren gogoeten laburpen bat da.

Dokumentu honen helburua gogoeta eta proposamen horiek beste talde eta komunitate batzuekin partekatzea da. Horiek irakurtzera animatu nahi dugu jendea, baina baita gaiari buruz hitz egiteko tokia egitera eta elkar ulertzeko bide berriak bilatzera ere. Beti, eta are gehiago kontu labainak direnean, gure gomendioa da gogoa eta bihotza zabalik dugula irakur dadila, aurreiritzirik eta susmorik gabe, eta norberaren jarrera dela-eta irakurritakoa berehala baztertu gabe, barneratuta duguna auzitan jarriz, epaitu aurretik astiro begiratzen duten begiekin.

Zertaz ari garen polarizazio sozial eta politikoaz hitz egiten dugunean

Adierazi nahi dugu gai politiko eta sozialei buruzko iritziak jarrera bateraezin bihurtzen direla; hortik frentismora eta desberdin pentsatzen duena bazter uztera igarotzen dira, eta, azkenean, bizikidetza eta harremanak hausten dira, eta indarkeria ere iristen da.

Gure asmoa ez da jarrera politiko jakin bati buruzko adierazpen txarrik egitea, muturrekoa izan arren, baldin eta legea eta Giza Eskubideak betetzen baditu. Jarrera horiek nola gaiztotzen eta aurkaz aurka jartzen diren moduaz ari gara.

Polarizazioa ez da fenomeno berria, ez Espainian ez munduko beste leku batzuetan. Esanak esan, ikus daiteke azken urteetan larriagotu egin dela, pertsonen arteko harreman-espazio ugaritan sartu dela, eta agerpen berriak daudela, eremu digitalean sustatzen baitira.

Nola sentitzen garen

Gustatzen ez bazaigu ere, ongi dakigu polarizazio sozialak eta politikoak eragina duela guregan. Zenbaitetan mututu arren, egoera batzuetan parte hartzen dugu eta txio batean bildutako ideia edo promesa errazak sinesten ditugu, ahalegin handiz eraikitako adostasun sakonen ordez.

Taldeetan, familietan eta espazio birtualetan zein aurrez aurre, baita gure komunitateetan eta Elizan ere, sor daitekeen agresibitateak kezkatzen gaitu eta etsipena, haserrea eta are beldurra ere sortzen digu. Batzuetan, hausturarik egon ez dadin, isilik geratzea aukeratzen dugu, deseroso, geure buruari eutsirik, sufrimenduz, hitzek zauritu dezaketela jakinik. Nahasirik, batzuetan nahiago dugu geure baitan gordetzea, gertukoak zaintzea eta espazio zabalagoetatik urruntzea, haietan ohitura bihurtu bada bestea deuseztatzea.

Egoera horrek gazterian, gure seme-alabetan, daukan eragina larritzen gaitu, zeren muturreko jarreren artean jiran baitaude. Haientzat erakargarriak dira jarrera horiek itxuraz ematen duten segurtasuna eta kidetza-sentimendua, eta ez dituzte aintzat hartzen tartean dauden espazioetako ñabardurak, lausotuta geratzen baitira.

Azkenik, badakigu pribilegiatuak garela, badauzkagulako kontsolatzen eta segurtasuna ematen diguten espazioak, hauxe bera eta beste batzuk; badakigulako horrelako espazioetan pentsatzen duguna adieraz dezakegula, eta ados egon gabe ere ongi hartuko dela. Eliza barruan, gure komunitateak halakoak izan behar direla sentitzen dugu: gaien mamira ez ezik, gizakien barrenera ere iritsi nahi dutenen begirada sakona lehenesten duten espazioak.

Zer ikusten dugun

Polarizazio sozial eta politikoa mundu osoan hedatzen ari dela ikusten dugu. Hura arrakastaz diseinatzen, finantzatzen eta zirikatzen duten eragile politikoek bultzatzen dute, etekina atera nahian: zehazki, beren kausarako babesa, dela epe laburrera (botoak, sinadurak eta iritziak), dela epe luzera (kultura aldaketak balioetan, sinesmenetan eta jarreretan).

Polarizazioaren hedadurak eta laztasunak orotariko harremanak kutsatzen ditu: familia, lana, adiskidetasunak eta baita bizitza espiritualaren komunitateak ere. Komunikabideak nork bere poloan pentsatzen duena finkatzen duten titulu gogorrez gainezka daude. Ia-ia ez diete lekurik uzten askotariko pentsamoldeei, eta haietako bakoitzak dituen alderdi onei, edo bitarteko espazioari. Zentzuz erabiliz gero onura handia egin dezaketen arren, sare sozialak ideia errazez, exajerazioz eta irainez lokazten dira. Froga zientifikoak ez dira jada froga, gezurraren edozein aztoratzailek zalantzan jar baititzake txio-hari batekin.

Mundu ia osoan aurki dezakegu fenomeno hori. Badira desberdintasunak, baina jatorria bera da: demokrazia erabiltzea ondoren berau zapaltzeko. Gero eta herrialde gehiagotan, despotismoaren mugan dauden erregimen autoritarioak ari dira agertzen, itxurazko eskuin edo ezker aldetik, eta “nirekin edo nire aurka” jarrera elikatu, eta iritzi kritikoak jazartzen dituzte. Sozietate zibilaren espazioa mugatu egiten da, eta, instituzionaltasun ahulagoko herrialdeetan, erakundeak itxi eta botatzera eta baita liderrak erailtzera ere iristen dira.

Etsiturik ikusten dugu auzitan jartzen direla eta erasoen jomugan daudela oinarrizko nazioarteko zenbait akordio,II. Mundu Gerraren eta gisako hondamendien ondoren nekez eraiki zirenak. Giza Eskubideak ezin dira izan horiek ukatu eta urratzera animatzen duten estremismoen jostailu.

Agerpen ohikoena eskuin-ezker politikoen eta ideologikoen arteko tentsioa da, baina beste eremu batzuetan ere antzeko moduan gertatzen da polarizazioa. Halakoa da, adibidez, Espainiako Estatuko lurraldetasunaren gaia: batetik, Kataluniako subiranotasunaren eta independentziaren inguruko jarrera baztertzaileak daude, baina, gero eta gehiago, baita boterea Madrilen eta ez beste eskualde batzuetan –bereziki, baztertuenetan– kontzentratzeari buruzkoak ere. Hori da, halaber, feminismo tradizionalaren eta queer teoria onartzen eta transexualak, hau da, binarioak ez diren genero-identitateak defendatzen dituen feminismoaren arteko gatazka irekiaren kasua. Emakumeen eskubideen kausa ahultzen ari den gatazka polarizatu bat da.

Polarizazioak irtenbide magikoak eskaintzen ditu; ez dira egiaz halakoak, baina haietan irmo sinetsiz geurean sendotzen eta horretara lerratzen gara, “polarizatzaileak” beti besteak direla ziur sentitzeraino ere. Aniztasuna errotik mozten duen fenomeno bat da, zeren jarrera bakar eta hegemonikoa bilatzen baitu, eta eztabaida eta gizakiaren berezko sormena pobretzen ditu. Elkar entzun eta ezagutu gabe, besteari legitimotasuna kenduta, konplexutasuna ukatzen dugu. Dena delako frentearekin bat egiten da, sinpleki, ia ezein arrazoibidetan oinarritu gabe, eta azkenean “nire burua salbatzea” jartzen da erdigunean eta giza sufrimenduaren inguruko kausekiko konpromiso soziala ahultzen da.

Estremismo politiko eta ideologikoen azpian, maiz boterea, segurtasuna eta pribilegioak galtzeko beldurra dagoela ohartu gara. Beldur horrek defentsazko erreakzioetara garamatza. Estremismoek sistemak baztertu dituenen ziurgabetasun ekonomikoa aprobetxatzen dute.  Aitortzen dugu, halaber, pribilejiatuak garela, herrialde aberats batean bizi garelako, gabezia larririk sufritu gabe. Ingurumenaren kolapsoak, gu izutu ez ezik, auzitan ere jartzen gaitu, gure gizarte garatua gai delako baliabideak eskasten direnean berea soilik defendatzen aritzeko, gainerakoak bazter utzirik eta gizadi osoarentzat alternatibak aurkitzeko ahalegin guztiak egin gabe.

Elizaren fededun eta kide garen aldetik, kezkagarria iruditzen zaigu kategoria moralen defentsan zentratzen dela sumatzea. Urduri ikusten dugu Elizaren sektore batzuk bete-betean sartu direla deskribatu berri dugun polarizazioan murgildutako “gerra kultural” gupidagabe batean. Aita Santuaren irudiari ere erraietatik eraso egiten diote Eliza barruko estremismo erradikalek. Jakina, horrek ez du esan nahi haren proposamenak eztabaidagai izan ez daitezkeenik.

Gure bikotekide, familia, adiskide eta lantokiei bagagozkie berriz, polarizazioa guregana iritsi eta kalte egiten gaituen arren, argi geratzen zaigu bizitza politiko, elektoralista, mediatikoan eta sareetan dagoela gehiago, eta ez horrenbeste egunero gurekin erlazionatzen diren pertsonengan, gure nahi eta maitasunetan. Pozgarria iruditzen zaigu ikustea badirela gaien mamira doazen lider sozial, intelektual, kazetari eta artistak, poloetatik urrundu eta ñabarduretara, ebidentzietara hurbiltzen direnak. Agresibitatearen eta bazterkeriaren hesiak zeharkatu eta gizatasun eta ulermen eremuak sortzen dituztenak.

Era berean, gure bizitza egiten dugun komunitateetan aurkitzen dugu egiaz garrantzizkoa denean berriz zentratzeko tokia: Jesus aurkitzea, fedea zerbitzatzea eta justizia sustatzea.

Zer egin dezakegun

Jarraian, gure inguruko muturreko polarizazioari galga jartzeko gogoetak eta jarduteko proposamenak jaso ditugu, desberdin pentsatzen dutenen arteko bizikidetza berritzen lagunduko dutelakoan.

Herritar gisa

  • Ez elikatu polarizazioa. Ez partekatu agresiboa denez edo agresiboki aurkeztuta dagoenez tentsio eta bereizketa giroa sustatzen duen edukirik. Funtsezkoa da aurrez aurre nahiz digitalki partekatzen dugun informazioa egiazkoa dela ziurtatzeko denbora hartzea. Zalantzarik bada, hobe ez partekatzea. Algoritmoak ez digu eskertuko, baina bizikidetzak bai.
  • Ez erori eduki agresiboen edo dudazko sinesgarritasuna duten edukien eraginpean, nahiz eta erakargarriak iruditu. Berdin dio noren kontrakoak diren, gorrotoa jariatzen duten mezu eta pertsonaiek ezin dute lekurik izan, ez gure baitan, ez gure harreman espazioetan. Hitz gaiztoek gure instintua piztu nahi dute, eta, azkenean, bestea arriskutsutzat, kanporatu edo suntsitu beharreko etsaitzat ikusarazten diguten errealitateak sortzen dituzte.
  • Isiltasuna ez da beti aukera onena, baina izan daiteke eta ona da muturreko kasuetan isiltzea edo isiltasuna eskatzea, baldin eta hitz egiteak edo partekatzeak tentsioa areagotuko badu eta taldeak nahiz harremanak hautsiko baditu. Bestalde, zilegi da norberaren jarrerak errespeta daitezela eskatzea, eta “konfiantzazko espazioak” proposatzea, haietan gai batzuk kanpo uzteko edo arau jakin batzuei jarraituz lantzeko. Adiskidetasuna, familia, maitasuna… balio handiagoa dute jarrera bat kosta ahala kosta defendatzeak edo lider politiko edo alderdi bati eraso egiteak baino.
  • Har ditzagun aintzat ebidentziak, datu eta gertakari egiaztatuak, eta eska dezagun aintzat har daitezela, elkarrizketaren ezinbesteko oinarri gisa. Gezurra seinalatu behar da, emozioek ezin gaituzte irrazionaltasunera eraman. Aldi berean, eta gertakarietatik abiatuta, konplexutasuna eta aniztasuna bilatu behar dira. Egun, desafio gutxik dituzte konponbide errazak eta ñabardurarik gabeak. Ona da batzuetan ziurgabe, zalantzati, eta dudatan uzten gaituzten jarrera konplexuen beharrean sentitzea. Egungo gizartean, hausnartu beharreko egoerei erraietatik ez erantzuteko, ezinbestekoa da bereizmena izatea. Gure karisma ignaziotarretik bizi behar eta eskain dezakegun zerbait da hori.
  • Elkarrizketa irekiak eta gizartearen erronkei sormenezko konponbideak bilatzeko saioak ezin dituzte auzitan jarri bizikidetzaren oinarri nagusiak. Ezin dugu Giza Eskubideen unibertsaltasuna zalantzan jarri edo demokrazia zapaltzen duten populistengandik gertu egon; demokraziak esangura berria, begirunea eta indargarriak behar ditu. Indarberritu egin behar dugu demokrazia, antolamendu politikorako eredu gisa, eta gizarte mota jakin baten molde gisa: arrazionala eta aniztasunarekin begirunetsua.
  • Ezinbestean, eztabaida muturreko eta elektoralistetatik kanpo utzi behar dugu Giza Eskubideen defentsa, gizadiaren oinarri baitira. Baita krisi klimatikoa ere, zientziak frogatuta geratu baita. Batik bat pobreenei eragin arren, gizarte bateratua garela sakon sentiturik soilik egin ahal izango diogu aurre.

Sinestun gisa

  • Pertsona ororen balioa eta duintasuna bihurtu nahi dugu errealitate, baita mintzen bagaituzte ere. Gaur, inoiz baino garrantzitsuagoa da San Ignazioren proposamena, “zigortu baino, hurkoaren proposizioa salbatzeko” prest egotea. Hau da, besteak eta haien iritziak hasieratik ez baztertzea; lehenbizi entzutea, nondik datozen eta entzundakoaren atzean zer gordetzen den ulertzen saiatzea. Gai izatea, ideia desberdinak eta are kontrakoak ditugunean ere, alderdi afektiboa gobernatzeko eta ohartzea ezen, hori egiten ez dakigunean, polarizazioa areagotzen dugula.
  • Gure fedearen eta bizitzaren komunitateak biziberritzea, elkar ulertzeko eta hitz egiteko espazio diren aldetik, baita jarrera desberdinei buruz ere. Ebanjelioa bizitzea, ikuspegi ireki batekin: erradikalizazio, epaiketa eta zorrozkeriarik gabe.
  • Alde batera utzi gabe eremu publiko zabalagoak, tokian tokiko lana eta pentsamendua indartzea, benetako bizitzan erroak dituzten auzo eta parrokietan, oinarrizko eliz mugimenduen egunerokoan. Ez uztea komunitateei jarrera batzuen edo besteen tresna bilakatzen, baizik eta Jainkoaren bilaketan eraldaketa pertsonal eta kolektiboa sustatzeko eragile bihurtzea.
  • Berritu dezagun gure fedearen konpromisoa, Ignacio Ellacuríaren, Gustavo Gutiérrezen eta beste batzuen pentsamendutik edanda, guztion onaren espiritualtasunaren bitartez;  “bestearen” espiritualtasun bat da[1]. Bereiz dezagun zer komeni zaion gizarteari, oro har, eta atera gaitezen gure espazio pribatutik, ez dadila izan gure toki bakarra. Guztion ona ez da norberarentzat ondasunak metatzea, baizik eta kolektiboak eraikitzea, kristau askatasun sakon batetik. Eduki nahi dugun guztia edukitzeko mugak jartzen diguna, gauza batzuei uko egitea exijitzen diguna.
  • Frantzisko aita santuaren “Fratelli Tutti” entziklikak inspiratzen eta itauntzen gaitu, zeren planteatzen dituen ekonomia eta gizarte-harremanak Jesusen bizitzan baitaude oinarrituta, anai-arreben arteko senidetasunean, partekatzean eta gizarte justuak eraikitzean. Hori izan beharko litzateke gure “bitarteko espazioa”, gure Guztion Ona.
  • Guztion onaren espiritualtasuna askagarria da, pobrezian bizi diren pertsonak aldarrikatzen ditu, justizia sustatzeko gure nahiaren erdigunean jartzen ditu, eta haien ahotsei lekua egiteko exijitzen digu. Gure tokia ere ahulenen alboan dago, haietan haragiztatu baitzen Jesus. 

Azkenean, itxaropenari heltzen diogu, guregan bizi den espirituak berekin dakarren bertuteari. Itxaropena, hitza mailu bezala ez baizik eta elkar ulertzeko aukera gisa darabilten gizon-emakumeengan. Itxaropena, desberdintasunari lekua egiten dieten eta gizarte hobeak eraikitzeko aukerak sortzen dituzten erakunde eta komunitateetan. Itxaropena, gure beldur eta hausturetatik harago bere besarkadan hartzen gaituen Aitarengan.


[1] Sepúlveda del Río, I. (2021). Aportes de una Espiritualidad Liberadora a la Búsqueda del Bien Común. In: J. Senent de Frutos, J & A. Viñas Vera (argtz.), Espiritualidad, saberes y transformación social desde Ellacuría (35-48 or.). Comares

Graciela Amo. Loiolako Taldeen kidea. Madril.

Pedro Castelao. Comillas Pontifize Unibertsitatea. Madril, galiziarra.

Ángel Delgado. Bide-ingeniaria. CVXeko kidea Coruña.

Pablo Font Oporto. Sevilla. Andaluziako Loyola Unibertsitateko irakaslea, CVXeko kidea, CJ-en kolaboratzailea. Sevilla.

Cristina Gortázar.  Comillas Pontifize Unibertsitateko irakaslea. Madril.

María del Mar Magallón. Alboan. Bilbo, madrildarra.

Cristina Manzanedo. Ödos. Cristianisme i Justícia (CJ) eta San Juan del Castillo patronatuetako kidea.  Madril.

Pep Mária. Jesuita, ESADEko irakaslea, CJ-en kolaboratzailea. Bartzelona.

Núria Radó. Ikertzailea eta irakaslea, CJ-en kolaboratzailea. Bartzelona.

Alfonso Salgado. Unibertsitateko irakaslea, CVXeko kidea. Salamanca.

Ignacio Sepúlveda. Andaluziako Loyola Unibertsitateko irakaslea, CVXeko kidea. Sevilla, txiletarra.

Pepa Torres. Madril. Erlijiosoa (Jesusen Bihotzeko apostolikoa), teologoa eta gizarte-hezitzailea. Revuelta de las mujeres en la iglesia mugimenduko kidea. Madril.

Javier Vitoria. Elizbarrutiko presbiteroa, CJ-en kolaboratzailea. Bilbo.

Chema Vera. Lankidetza eta garapeneko aditua. Madril.

Las opiniones e ideas que aparecen en los artículos publicados desde Política-mente son responsabilidad de las personas que los han escrito y, por tanto, no necesariamente coinciden con los de CVX-España como institución.


[1]

1 comentario en “Espainiako polarizazio politikoari eta sozialari buruzko gogoetak eta proposamenak”

Deja un comentario